Zer da EDO!

  • edo! aukera berri bat da, argitaletxe berri eta desberdin bat sortzeko martxan den proiektua.
  • edo! diru irabazi (eta galera) asmorik gabeko egitasmo autofinantziatua da.
  • edo! borondatezko lanean oinarrituko da.
  • edo! euskal elebakarra da, bakanetako bat.
  • edo!-rentzat liburuak ez dira merkantzia hutsa.
  • edo! kultur eragile soilik ez, gizarte eragile ere izango da.
  • edo!-k pentsamendu kritikoa maite du, eta elkarrizketaren zale da.
  • edo! independentea da alderdi eta erakundeetatik.
  • edo!-k diru laguntzak onartuko ditu, bere printzipioak baldintzatzen ez dituen neurrian.
  • edo!-k egiazko edizio lana egingo du, eta publikazio berme guztiak emango dizkio egileari.
  • edo! -ren ikurra adostasuna denez, batzarren bidez gobernatuko da.
  • edo!-k ez du abiadura handiko lanik nahi. Prozesuek eskatzen duten erritmoa zainduko du.

 Zer egin nahi du?

  • Editorial digital bat sortuko du sarean (e-do). Liburuak Internet bidez publikatu eta zabalduko ditu, eta literaturan (eta haren ingurukoetan) hipertestua eta formatu elektronikoak jorratzeko bide berri bat urratu nahi du.
  • Paperean ere argitaratuko ditu liburuak. Urtean, gutxienez, bost liburu emango ditu argitara.
  • Hiru bilduma izango ditu: Begikoak (album ilustratua, nobela grafikoa, argazkia, artea…); Literola (saiakera, narrazioa, nobela, poesia, antzerkia…); Xortak (orrialde gutxiko testuak: hitzaldiak, saiakera laburrak, iritzi artikulu luzeak, elkarrizketak, manifestuak…).
  • Bestelako publikazioak (aldizkariak, urtekariak, fanzineak…) egiteko aukera ere izango du, nola paperean, hala euskarri digitaletan.
  • Literaturzale sare bat aktibatu eta harremanetan jartzen saiatuko da, bere harpide sistemarekin batera, eta literatur sisteman mugitzen diren aktoreen artean.
  • Atzerriko nahiz bertako argitaldariekin eta eragileekin elkarlanean arituko da, ahal dela, ez behintzat haiekin lehian.
  • Ekitaldi publikoak antolatu eta halakoetan parte hartuko du, publikatutako lanak zabaltzeko, eta haien inguruko oihartzuna handitzeko, eta bestek antolatutako ekitaldietan ere parte hartuko du.
  • Eta abar. Bere asmoak gauzatzeari begira, bestelako ekimenak antolatzeko prest dago taldea.

Bildumak

  • Begikoak: askotariko ilustrazioak oinarri dituzten sormen-lanak argitaratuko dira bilduma honetan: album ilustratua, nobela grafikoa, argazkia, artea…
  • Xortak: orrialde gutxiko testuak argitaratuko dira bilduma honetan: hitzaldiak, saiakera laburrak, iritzi artikulu luzeak, elkarrizketak, manifestuak…
  • Literola: askotariko literatura-lanak argitaratuko dira bilduma honetan: saiakera, narrazioa, nobela, poesia, antzerkia…

Talde eragilea

EDO! argitaletxearen egitasmoa abian jarri dugu honako lagun hauek:

Allende Arnaiz, Idoia Beratarbide, Isa Castillo, Ibon Egaña, Imanol Epelde, Oier Guillan, Ion Olano, Mikel Peruarena, Iratxe Retolaza, Harkaitz Zubiri.

EDO!zein modutan, EDO! egitasmoak sare zabala osatzea du asmo. Literatur eta kultur sorkuntzan eragile izan nahi duen EDO!nork, eta egitasmo honen ildoekin bat egiten duen EDO!nork du bazkide (eta hartara, parte-hartzaile) izateko aukera.

Nola demontre finantzatuko da?

Hiru figura uztartuko ditu edo!-k:

Bazkideak (edo!nistak)

Haien betebeharra izango da urtero hainbesteko diru kopuru bat jartzea, argitaletxearen funtzionamendua bermatzeko. Bazkideen ekarpen ekonomikoa harpideena baino handiagoa izango da; eta, harpideek ez bezala, proiektuan lan egin ahal izango dute. Argitalpen guztiak eta informazio guztia jasoko dute, eta lan taldeetako dinamiketan eta erabakietan parte hartzeko eta batzarretako erabakiak hartzeko eskubidea izango dute. Bazkide egin zaitez!

Harpideak (edo!kideak)

Haien betebeharra izango da urtero kuota bat ordaintzea, argitaletxearen publikazio gastuak ordaintzeko. Argitalpen guztiak jasoko dituzte, eta baita taldeari buruzko informazio orokorra ere. Proposamenak egiteko aukera ere izango dute, baina ez dute eskubiderik izango argitaletxearen bileretan eta erabakietan esku hartzeko. Harpide egin zaitez!

Lankideak

Proiektuei lotutako lan zehatzak egingo dituzte. Lanean ari diren esparru horretan erabakiak hartzeko eskubidea izango dute.