Zu ikusteko bidean

Izenburua: Zu ikusteko bidean.
Egilea: Gari Garaialde.
Ezaugarriak: Argazki liburua.48 orrialde. 24 x 16 cm. Tapa gogorra.
Hizkuntza: Euskara
Argitalpen data: 2012ko azaroa.
Lizentzia: Creative Commons
ISBN: 978-84-940489-1-3
Prezioa: 19€


Jendea. Espaloia. Jendea. Espaloi gehiago. Argi batzuk. Jendea. Eta jendea. Argi gehiago. Errepidea. Eta jende gehiago. Errepidea? Errepidea. Goiza. Jendea. Eta jendea. Ura, edo jendea. Goiza. Euria. Eta jendea. Jendea oraindik. Elurra ere bai. Jendea goizean. Jendea errepidean. Jendea esna. Jendea lo. Euria. Zezen bat, bakarra, urrundik handi izan ez, eta libre ez dagoena. Lainoa. Errepikapena. Itzala, edo errainua? Jendea. Jendea zain. Jendea errepidean. Arin bidean. Mantso airean. Gaua. Eta nekea.

 

“Zu ikusteko bidean” liburuaren azala.

 

Poema eder bat idatz liteke lehengai horiekin. Are ederragoa da Gari Garaialdek argazkiz osatu duen lana, Zu ikusteko bidean. Kronika da? Erreportajea? Poema bisuala? Honezkero milaka diren baina beti bakarra den eta beti bakarra izan arren honezkero milaka diren bidaiak erakutsi dizkigu egileak, 40 argazkitan. Zuri beltzean, behar zuen bezala, ilunetik argirako arkuari espresibitate guztia zukutuz. Errealitatea handikeriarik gabe -tarteka gordin, bere zipriztin errepikapen orban eta izpiekin- kontatzeko grina du Garaialdek. Inguruan gertatzen denaren berri emateko ezinegona duenaren betaurrekoekin begiratzen die egileak bazterrei eta jendeei, eta samurtasun handiz aukeratzen ditu erakutsi nahi dituenak. Irudiak kameraz hartzea arrunkeria bihurtu den honetan, argazkigintzari eta norberari buruz gogoeta egiteko bidaia eta gonbita ere bada Garaialderen bilduma hau. Hainbeste jendek asteburu oroz kartzeletara joateko hainbeste errepide zergatik jan behar duen ozen galdera egiteko modu bat ere bai, noski, bide batez.

Gure garaiko gehienok bezala, familiak oporretako argazkiak ateratzeko zeukan kamerarekin izan nituen argazkilaritzarekin lehen hartu emanak, argazkiak ateratzeko baino gehiago jendeari so egiteko erabiltzen banuen ere. Urte mordo bat beranduago, Ingalaterran, bertako hizkuntza ikasteko aitzakiaz igarotako garai batean, ikasi nuen kamera tratatzen. Bertan ezagutu nuen argi gorriaren xarma, eta bertan liluratu ninduen, lehenengoz, poliki-poliki, paper zuri hartan irudia azaltzen ikusteak.

Etxera bueltan, zuzenbideko irakasle aspergarriak entzuten nituen bitartean hartutako erabaki batek eraman ninduen zertxobait gehiago ikastera.

Horren ondoren, argazkiekin jolasean hasi eta lehen lanak ailegatu ziren: kolaborazio bat hemen, bi argazki harentzat, beste horien diskorako irudiak… eta gero eta gehiago sartu nintzen mundutxo honetan.

Argia aldizkarian zenbait urtez kolaboratu ondoren, Euskaldunon Egunkaria-n lanean hasteko aukera suertatu zitzaidan; 1998tik 2000. urtea bukatu arte izan nintzen bertan, plantillako argazkilari moduan. 2001 urte hasieratik, ArgazkiPress agentzia sortu zenetik, bertan nabil, parean jartzen zaidan guziari argazkiak ateratzen, oraindik ere kamerarekin jendeari so.

Zu ikusteko bidean, 2005. eta 2009. urteen artean Herrera de la Manchako kartzelara egindako bidaietan ateratako argazkiak dira. Senide eta lagunek preso dagoen laguna bisitatu ahal izateko bere buruari Mirentxin izena jarri dion boluntario talde batek gidatzen dituen furgonetetan sartu eta bidaia barrutik ezagutzeko egindako saioetan. Ordu luzez furgoneta gidatzen pasatutako gauetan; gidaria ez aspertzeko, ez lokartzeko, kopiloto bezala hizketan pasatutako tarteetan; senide eta lagunekin elkarrizketan.

Badira oraindik ostiralero autoan edo furgonetan sartu eta urrutira bidaia egin beharra daukatenak; leihoetako lurrinaren beste aldera haien begiak bilatzen jarraitzen dutenak. Beldurren gainetik eta ametsen azpitik.