Txalorik ez, arren

Izenburua: Txalorik ez, arren.
Egilea: Harkaitz Cano.
Ezaugarriak: Saiakera. 10,7 x 16 cm.
Hizkuntza: Euskara.
Argitalpen data: 2014ko otsaila.
Lizentzia: Creative Commons
ISBN: 978-84-940489-4-4
Prezioa: 9€


Nori edo zeri egiten diogu txalo? Artelanei buruz ari garenean, adibidez? Zer txalotzen dugu? Artelana bera, hark eragin digun zirrara eta hunkidura, ala, ona, ezaguna, eskandalagarria eta modan dagoela esan diguten egilea bera? Zirkuitu berri eta ezezagunak txalotzen ditugu, ala zirkuitu-laburra eta itzal-aldia eragingo diguten ziklo itxiak? Azken urteotan gero eta kezkagarriagoa zaidan sentipena da, gaur egun, idazleari ez zaiola eskatzen idazteko, eskulturgileari ez zaiola eskatzen eskultura egiteko, musikariari ez zaiola eskatzen musika sortzeko. Nork bere burua nabarmendu behar du eta sortzen duen gutxia errepikatu, errepikatu daitezen txaloak, zirkuitu itxian. Beti lan berdinak txalo berdinek oihartzunduak. Pertsonaia bilakatu. Gero, txalo enlatatuek eramango dute batetik bestera —bera eta bere pertsonaia, etengabe barre egiten diona txiste pribatuari—. Baina nork fabrikatzen ditu masak modu akritikoan jaulkitzen dituen txalo prefabrikatu horiek?

Harkaitz Cano, Txalorik ez arren

 

“Txalorik ez, arren” liburuaren azala (Idoia Beratarbide).

 

Artiumek gonbidatuta, Antoni Muntadasen On translation serieko instalazio baten inguruan 2009an egindako hitzaldia du Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren testuak abiapuntu. Artelan haren aitzakian txaloak historian eta arteen luze-zabalean izandako esangura desberdinak aletu ditu Canok. Berdin Grezia eta Erroma klasikoa edo Shakespeareren garaiko antzerkia zein Pasoliniren probokazioak edo Twitter-eko «autotxaloak», guztiak txaloaren atzean ezkutatzen diren harreman anbibalenteez jarduteko aitzakia dira Canoren testuan: noren onespena bilatzen du artistak? lehendik lagun zituenena ala etsaiena?  zer zentzu du edozer txalotzen duen publikoaren onespenak? zer esan nahi du arrakasta izateak? zein arrisku ditu laudorioak jasotzeak? zenbateraino baldintzatzen du egilearen izenak obraren harrera?
Jolasari eta ironiari uko egin gabe, arrakastaren eta onarpen-beharraren tiraniarekiko kritikoa den testu hibridoa ondu du Harkaitz Canok, hanka bat historian eta mundu zabaleko arteetan jarrita, eta bestea orainean.

 

Harkaitz Cano

Harkaitz Cano Jauregi Lasarte-Orian jaio zen 1975ean, eta Donostia du bizileku. Zuzenbidean lizentziatua izanagatik, idazketan jardun du gaztetatik. Prentsa idatzian zein irratian ohiko kolaboratzailea da eta ikus-entzunekoetarako gidoigintzan jarduna da.

Poesiaren esparrukoa du lehen liburua: Kea behelainopean bezala (1994) eta handik zazpi urtera plazaratu zuen Norbait dabil sute-eskaileran (2001). Gaztelaniaz idatzitako poemario bat ere ezagutzen diogu: Compro oro (2011). Alabaina, narratiba lanek eman diote sona eta irakurleria zabalagoa. Nobelan ibilbide oparoa egin du Canok, Beluna jazz (1996) liburuarekin hasita. Pasaia blues (1999), Belarraren ahoa (2004) eta Twist (2011) ditu genero horretan argitaratutako gainontzeko lanak; azken bi nobelekin Euskadi Literatura Saria irabazi du.

Hastapenetik landu du ipuina ere, eta narratiba laburraren eremukoak ditu Telefono kaiolatua (1997) eta Neguko zirkua (2005) bildumak. Radiobiografiak (1995) eta Bizkarrean tatuaturiko mapak (1997), aldiz, irratirako narrazio testu laburrez osatuak dira. New Yorken egindako egonaldia oinarri hartuta, Piano gainean gosaltzen (2000) kronika-liburua eman zuen argitara eta saiakeran egin zuen sartu-irtena Zinema eta literatura. Begiaren ajeak (2008) lanarekin.

Haur eta gazte literaturako hainbat tituluren egile da Cano (Lesterren logika, 2006, eta Orkestra lurtarra, 2013, besteak beste), baita zenbait komikiren gidoigile ere (Zebra efektua, 2013).

Literatura beste diziplinekin konbinatzen duten hamaika ikuskizunen sortzaile eta partaide ere izan da idazlea. Gaztelaniaz, galizieraz, grezieraz edo ingelesez irakur daitezke Canoren lanetako batzuk. Berak ekarri ditu euskarara Allen Ginsberg eta Hanif Kureishiren testuak, besteren artean.