Hormako Paper Horia

Izenburua: Hormako paper horia.
Jatorrizko izenburua: The Yelow Wallpaper.
Egilea: Charlotte Perkins-Gilman.
Ezaugarriak: Narrazio laburra. 10 x 16 cm.
Hizkuntza: Euskara
Argitalpen data: 2012ko azaroa.
Lizentzia: Creative Commons
ISBN: 978-84-940489-0-6
Prezioa: 9€


Logela batean atseden hartzera behartu dute Jane. Isolatuta sentitzen da, itogarria egiten zaio lekua. Hormetako irudi arraroak aztertzen hasten denean, espero ez zuena aurkituko du, eta itzulerarik gabeko egoera batera iritsiko da.

Charlotte Perkins Gilman-en Hormako paper horia erreferentzia saihestezina da Ipar Amerikako literaturan, eta irakurketa feminista ugari eragin ditu. Idazleak bere hezur-haragietan sufritutako esperientzia jaso zuen narrazio honetan. Charles Walter Stetson margolariarekin ezkondu zenean hasi zen Perkins Gilman-en gainbehera. Garrantzirik gabeko urduritasun zantzua depresio sakon bilakatu zitzaion alaba Katharine jaio ostean, eta orduan hasi zen S. Weir Mitchel doktorearen tratamendua jasotzen. Hark agindu zizkionak bat zetozen orduko gizarte tradizionalak emakumeari egotzitako ama eta etxekoandre funtzioekin. Beraz, sei astez bizimodu ahal bezain etxekoiena egiteko adierazi zion, baina, bereziki, bere bizitza osoan zehar luma eta arkatza erabiltzea debekatu zion. Hormako paper horia narrazioan Jane izeneko protagonistari agindu dioten terapiak ez du sendabidean jarriko. Aitzitik, logela horretan Jane-k interpretazio ugari izan dituen esperientziak biziko ditu.

 

hormako_paper_horia_osoa

“Hormako paper horia” liburuaren azala (Aitziber Alonso).

 

Charlotte Perkins-Gilman

Oparoa da Charlotte Perkins Gilman-en (1860-1935) ibilbide literarioa: narrazio laburrak, poesia, nobelak… eta fikzioan ez ezik teoria feministaren arloan ere argitaratu zituen hainbat saiakera eta prentsarako artikulu. Ipar Amerikako viktoriar garaiko emakume pentsalari eta aurrerakoien sinbolo bilakatu zen. Luma izan zuen lan tresna behinena. Kritikarako eta aldaketa sozialerako borondatea nabari da bere argitalpenetan. Gainerako feministen aldean, emakumeen boto eskubidea defendatzetik haratago, Perkins Gilmanek haien bizi-askatasun eskubidea aldarrikatzen zuen, bai eremu publikoan eta baita pribatuan ere. Zentzu horretan, gizarteak finkatutakoaren kontra, gizon-emakumeen lan-banaketa tradizionala aldatzeko proposamena izan zen Charlotte Perkins Gilmanek mugimendu feministari egin zion ekarpen nagusietako bat.

Ana I. Morales

Ana I. Morales-ek (Bilbo, 1969) ekarri du jatorrizko The Yellow Wallpaper euskarara. Moralesek  Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Genero Ikasketak Marylandeko unibertsitatean. Itzultzailea izan da Nazio Batuen Erakundean eta gaur egun itzultzailea eta interpretea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat itzulpenen egilea da, batzuk liburu moduan argitaratuak (Harrotasuna eta Aurrejuzkuak, Liburutegiko leihoaren misterioa) eta beste batzuk Maskarada antzerki konpainiak taularatuak (Extras, Souvenir). «Xerezaderen Artxiboa» literatur podkastaren sortzaile eta kideetako bat da. Literatur lan batzuk ere argitaratu ditu (Esnea etorriko zaizu, «Adibidez»,  Arazoak zinetokian). Hamabi urteko ume baten ama da.

Saioa Ruiz eta Amaia Serrano

Saioa Ruiz (Iruñea, 1985) eta Amaia Serrano-k (Donostia, 1984) idatzi dute narrazioaren hitzostea: «Hormako paper horia: Teilatupeko emakume(ar)en isileko garrasiak».

Ruiz Euskal Filologian lizentziatu zen eta Argia aldizkariko kolaboratzailea da literatur-kritika sailean. Literatura Konparatua eta Ikasketa Literarioak masterra egin zuen, eta orduan ekin zion literatura klasikoa eta frantses literaturaren arteko ikerketa konparatuari. Gaur egun Parisen bizi da eta bertan lan egiten du.

Serrano EHUko Irakasle Eskolan diplomatu («Lehen Hezkuntza» eta «Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa» espezialitateetan) eta Euskal Filologian lizentziatu zen. Literatura Konparatua eta Ikasketa Literarioak masterra egin du eta egun Errealismo literarioa(k) euskal eleberrigintzan: 1936ko gerra eta fikzioa izenburuko tesia idazten dihardu. Euskal literaturaren hainbat alderdiri buruzko lanak idatzi ditu aldizkari zein liburuetarako, esate baterako ahozko literaturaz, Mariasun Landaren ibilbide literarioaz edota Jokin Muñozen Antzararen bidea eleberriaz. Bere azken lana Gatazken lorratzak. Euskal arazoen isla narratiban 1936tik gaurdaino (2012) liburua koordinatzea izan da.