Hain gutun luzea

Izenburuak: Hain gutun luzea
Jatorrizko izenburuak: Une si longue lettre (1979, Le serpente à plumes).
Egilea: Mariama Bâ.
Itzultzailea: Iokin Otaegi.
Zuzentzaileak: Karmele Etxabe eta Amaia Apalauza.
Azala: María de Bernardo.
Hitzostea: Josune Muñoz.
Ezaugarriak: Nobela. 149 orrialde. 14 x 21 cm. Josia.
Hizkuntza: Euskara.
Argitalpen data: 2015eko martxoa.
Lizentzia: Creative Commons.
ISBN: 978-84-940489-9-9
Prezioa: 14€

Afrikar literatura garaikidearen ikurretako bat da Hain gutun luzea. Nobela hau irakurtzeak, Afrikako tradizioa eta modernitatea, arlo publikoa eta pribatua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Ramatulayeren begiradari eta ahotsari esker, irakurleak poligamiaren esperientzia hurbiletik biziko du, baita Senegalgo errealitatearen beste ertz zenbait ere: kolonizazioa eta deskolonizazioa, familia eta emakumeen eskubideak, hezkuntza eta eguneroko bizimodua… Nitik gurantz edo, alderantziz, orokorretik partikularrerantz abiatuta, Ramatulayeren ahotsak garai hartako Senegalgo emakumeen istorioa eta historia gorpuzten ditu.

Hain gutun luzea

Mariama Bâ (1929 – 1981)

Klase altuko familia musulman batean jaio zen Dakarren, 1929an. Haurra zela galdu zuen ama eta aiton-amonek hazi zuten. Eskola frantsesean ikasi ondoren, maistra izateko diploma eskuratu zuen 1947an eta irakaskuntzan jardun zuen dozena bat urtez.

Emakumeen eskubideen aldeko borrokan aitzindari izan zen eta afrikar emakumeek jasotako kultur ondarearen zein tradizioen berrirakurketa bere literatur lanen oinarrietako bat da. 1979an idatzi zuen lehen eleberria, Hain gutun luzea. Nazioarteko sona eman zion eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen nobela. Un chant écarlate bigarren eleberria argitaratu aurretik hil zen, 1981ean.

Iokin Otaegi

Izazpi azpiko Matxinbentako Largarate baserrian jaio nintzen, 1930. urtean. Pedagogian lizentziaduna, heziketari eman diot bizitza, bizi izan dudan etapa bakoitzean, gozo eta min, esperientzia ederra bilduz. Zarautzen hasi nuen maisutza, Francoren garaian zigortua izan zen Olabeagaren manupean. Handik Bilborako bidea hartu nuen, Poza Lizenziatuan zegoen ikastetxe handira. Bilbon Euskal Herriaren maitasuna eta euskara barruratzeko egoera egokia aurkitu nuen, 1961a arte, hamar urte. Harrezkero, hainbat lekutan aritu naiz irakasle (La Salle, Zaragoza, Legazpi…).

Udako esperientzia baten ondoren, 1988. urte hasieran Rwandako bidea hartu nuen, Gisenyi eta Goma artean dagoen Arteskola bateko zuzendari izateko. Gure klasikoak dioena jakin gabe han zer gertatuko zen, aitzitik, Rwandara joan gabe geratuko nintzaden. 1994 apirilean, gerra gogortu zenean, ebakuatu ninduten, 1995 bukaeran Rwandara itzuliz. Ai, Afrikaren lilura! Eta 2002. urteko irailean, ibilera horiek denak bukatutzat eman nituen. Ibilera horiek dira Rwanda bihotz-minez (Hiria, 2008) liburuaren abiapuntu.

Iruñeko Errotxapean urtebete egin ondoren, Bilboko San Frantzisko kalean bizi naiz hiru lagunekin, betiere etorkinekin ari direnei laguntza emanez. Bestalde, badut LITA, Lasalletarren Irakurle Taldea, noizean behin nobela eder baten inguruan elkartzeko, lagunen giro nasaian.

Josune Muñoz

Bilbon jaio nintzen, 1967. urtean. Euskal filologoa naiz, Genero ikerketan aditua. 2004an SKOLASTIKA Literatur zerbitzuak sortu nuen Bilbon, emakumeen literaturan espezializaturiko kulturgunea. SKOLASTIKAn hainbat tailer eta ekimen kultural eskaintzen dira, betiere emakumeen sorkuntza ardatz hartuta. Gainera, badu liburutegi espezializatua ere, 5.000 aletik gorakoa.

Hiru ikerlerro hauek jorratu ditut: mendebaldeko emakumeen literaturaren historia (ahozko literaturan arreta berezia jarriz); Afrika, Asia eta Ekialde hurbileko emakumeen literatura; eta euskal emakumeen literatura. Emakumeen hitzen inguruan aritzeaz gain, emakumeen begiradak eta sortzen dituzten irudiak izan ditut ikergai. Eta ondorioz, emakumeen komikiak eta erotikak landu ditut azken urteotan.

Bestalde, SAREINAk taldeko kidea naiz; egitasmo horrek literatura, feminismoa eta euskara uztartzen ditu.