FALTA (ez) diren gauzak

Izenburua: FALTA (ez) diren gauzak.
Egilea: Ainara Lasa Perez (http://ainaralasa.com/)
Ezaugarriak: Artista liburua. 40 orrialde. 29,6 x 22 cm.
Hizkuntza: Euskara.
Argitalpen data: 2014ko azaroa.
Lizentzia: Creative Commons
ISBN: 978-84-940489-8-8
Prezioa: 19€

Jokoa eten zenean hasi zen FALTA. 1984ko ekainaren 15ean.

Egun horretan ez ginen laura iritsi.

Eraman zuten ama,  ihes egin zuen aitak, galdu nituen haurtzaroa, gorputza eta osabak.

Agur, moketa gainean oinutsik osabekin jolasten emandako garaiari. Hainbat etxetan anai-arrebak, seme-alabak, gurasoak,… falta eta osaba-izebak bikoiztu ziren garaiari. Haur haiei esan nahi nieke niri kontatu zizkidatela eurentzako ziren ipuinak, dena ez zela erabat galdu.

Egun horretan ez ginen laura iritsi, baina lau izan dira kontakizun honen aldiak, 4 ziren “bestaldeko” lekuak, familian lau gara gu.

 

 

FALTA (ez) diren gauzak proiektuaren garapena da liburua. Erakusketarako landutakoaren lanak soilduta datoz, testuak zein koadroak. Geruzaz geruza da eranzten historia,  lau aldietan geldiuneak eginez; bizitza sekretua, amaren espetxealdia, aitaren erbestealdia, aitaren kartzelaldia. Garai baten gakoak  agerian, dena da gardena, haurraren begirada bezala.

Jolas kolektiboa proposatzen da liburuan, jokoa has dadin berriz. Haria zu zara.

Eta soinekoak hegan doaz galdu nuen gorputzaren bila.

 

azala-osoa-falta-es-diren-gauzak

“FALTA (ez) diren gauzak” liburuaren azala.

 

Ainara Lasa Perez

Oiartzunen jaio nintzen 1975ean eta Oiartzunen bizi naiz orain. BERRIAn egiten dut lan, marketin sailean. Haurtzaroa sekretuz betea gogoratzen dut. Asko hitz egiten nuela, eta asko isildu. Kantatzea ohitura zela etxean.
Arte Ederren ikasketak abiatu nituen Bilbon baina amaitu gabe itzuli nintzen. Sormenaren iturria beti egon da zabalik baina. Batzuetan ur gutxiagorekin, besteetan gehiagorekin.

Diseinu eta maketazioaren esparruan hainbat lan egin ditut beste hainbat sortzailerekin elkarlanean.
2010ean (H)ariketak, lotzea askatzea denean proiektua sortu nuen; erradiografiak eta argi kaxak ardatz dituen instalazioa.
2013an abiatu nuen FALTA (ez) diren gauzak egitasmoa. Haurtzaroko ausentzietatik presentzietara doan bidaia.

Parentesien beharra izango da…

http://ainaralasa.com/