Eta Karmele?

Izenburua: Eta Karmele?
Egilea: Samara Velte.
Hitzaurrea: Ainhoa Alberdi, Iraia Elias.
Hitzostea: Oier Guillan.
Ezaugarriak: Antzerkia. 10 x 16 cm.
Hizkuntza: Euskara.
Argitalpen data: 2012ko abendua.
Lizentzia: Creative Commons.
ISBN: 978-84-940489-3-7.
Prezioa: 9€


Bi emakume auto baten barruan, Karmeleren zain. Inoiz iristen ez den Karmele, behinola mantxa batek jazarri zuen Karmele.

Hari horretan nabarmena da Eta Karmele?ren azpian dagoen zorigaitzeko zirkulua, emakumeei eta batez ere guztioi dagokiguna, bortizkeriaren itzala dakarkiguna, historia bezain luzea. Ba ote zentzugabekeriaren ikur gorenagorik, amaitu beharreko mundu gerra luzeagorik, gizartearen ispilu zorrotzagorik? Eta Karmele?-ren egileek umore absurduaren zartadetan kokatu dute egunerokotasuna astintzen duen gatazka.

Absurduaren koordenatuetan koka genezake antzezlan hau: bizitza bezain absurdua den umorea, ezintasunari aurre egiteko umorea. Eta Karmele? 2008ko azaroaren 25ean estreinatu zen Zarauzko Euskalduna Tabernan, Kafe Torerok Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira antolatuta. Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek antzeztu zuten, eta haiek idatzi dituzte liburu honetako hitzaurreak. Ordutik laurogei emanaldi inguru eskaini dituzte.

 

eta_karmele_azala_osoa

“Eta Karmele?” liburuaren azala (Idoia Beratarbide).

 

Samara Velte

Zarautzen jaio zen 1991n; behin eta berriro erbesteratzen saiatu arren, beti leku berera itzultzen da ezinbestean. Toki gehienetan lekuz kanpo sentitu, eta antzerki lokaletan errefuxiatu zen nerabezaroan; txikitako irakurzaletasunarekin nahastuta, hor hasi zen gidoiekin esperimentatzen, berak ezagutu nahi lituzkeen pertsonaiak eta eduki nahi lituzkeen elkarrizketak asmatzen.

2008an, batxilergoko bigarren mailan, Ainhoa Alberdik eskatuta idatzi zuen Eta Karmele?, inguruan entzundako bitxikeriak eta elkarrizketa absurduak gordetzeko ohiturari behingoz probetxu pixka bat ateraz. Jolas gisa planteatu zuen; orduan susmatu ere ez zuen egiten lau urte geroago oraindik esku artean izango zuela.

Gaur egun Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasten ari da, eta baita ikusten eta entzuten ere. Karmele-rekin harreman arraroa du, iruditzen baitzaio bietako bat gehitxo aldatu dela bestearekin alderatuta. Samarak, behintzat, antzerkia nahiko utzita dauka, baina idazten jarraitzen du, Berria egunkarian ari baita lanean. Karmele, berriz, auskalo zertan dabilen.

Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias

Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreek idatzi dituzte liburuko hitzaurreak, antzezpena izan denaren isla paperera ekarriz. Aktore biek TTAK teatroa izeneko taldea osatzen dute; Eta Karmele? izan zen haien lehen lana, 2012ko abenduan estreinatutako Ta uain ze? bigarrena.

Oier Guillan

Oier Guillanek idatzi du hitzostea. Poesia eta antzerkia publikatu ditu batik bat, kazetari gisa antzerkia eta literaturari buruz idazten aritua da. Metrokoadroka kolektiboko kide gisa hainbat lan eszeniko burutu ditu.