Dalloway Andrea eta Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea

Izenburuak: Dalloway Andrea eta Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea.
Jatorrizko izenburuak: Mrs Dalloway eta Professions for women or Killing the angel in the house.
Egilea: Virginia Woolf.
Itzultzaileak: Itziar Diez de Ultzurrun eta Ana I. Morales.
Azala: Eider Salaberria.
Ezaugarriak: Nobela eta saiakera. 272 orrialde. 14 x 21 cm. Josia.
Hizkuntza: Euskara.
Argitalpen data: 2014ko iraila.
Lizentzia: Creative Commons.
ISBN: 978-84-940489-7-5
Prezioa: 14€


«Dalloway andreak esan zuen berak erosiko zituela loreak». «Hantxe zegoen-eta Clarissa». Bi esaldi horien artean, egun bakar bat igaroko da, baina aldi berean pertsona askoren bizitzak osorik agertuko ditu Virginia Woolfek irakurlearen begietara. Festa bat antolatu du Clarissak (Dalloway andreak), eta hori du kezka bakarra, inguruan dituen pertsonaiek eta munduak biraka jarraitzen duten bitartean, zenbaitek goraka, zenbaitek amildegira, espiralean bezala. Egun bakar hori eta iduriz arrunt hutsala den Clarissaren festa aitzakia nahikoak zaizkio Woolfi, 1920ko hamarkadako Ingalaterran bizi diren pertsonaia horien guztien sakoneko putzuetan arrantza egiteko: iraganetik orainera eta berriz atzera eginez etengabe (gero izango dena proiektatuz), pertsonaietako bat eta bakoitzaren oroitzapenak, beldurrak, mamuak, itxaropenak eta barne elkarrizketa ugariak josiz. Eta norbanakoen mundu aberats horrez gain, iduriz arrunt hutsala den festa horren aitzakiarekin, beste hainbat gai plazaratzeko abilezia ere badu Woolfen testuak: maitasuna, homosexualitatea eta giza harremanak, gizarte egitura eta emakumeen rola, eromena eta hura artatzeko moduak, lehen mundu gerra, kolonialismoa eta migrazioak… Eta galdera bat, oinarrian: zer egin, nola egin, zorionari eusteko bizitza honetan?

Pertsonaia bakoitzaren denboren eta pentsamenduen bidezidorretatik atzera eta aurrera eginez, eta elkarrekin nahastuz, guztientzat bera izan arren guztiek ezberdin bizi duten garai eta leku bat aurkezteko lan izugarria egin zuen Woolfek. Ingelesez 1920ko hamarkadatik gure egunetara idatzi diren nobela onenetakoen artean kokatu izan dute orain Itziar Diez de Ultzurrunek euskarara itzuli duen Dalloway andrea hau. 1925ean zargitaratua, modernismoaren obra garrantzitsuenetako bat da. Liburu honetan, gainera, Woolfen beraren Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea hitzaldiaren itzulpena ere eman du Argitaletxea Edo!-k. Ana I. Moralesek itzuli du azken lan hori, eta Moralesek berak egin du liburuaren hitzostea ere, agerian utziz emakumezkoak kate motzean lotzen dituen rolaren irudi bera direla Clarissa Dalloway zein Etxeko Aingerua: «Etxeko Aingeruaren mamua izango litzateke emakumeek barneratutako balio patriarkalen sistema, oharkabean autozentsura ezartzen ziena, diena, gizarte patriarkal horretan onartuak eta arrakastatsuak izatearen truke». Diez de Ultzurrunen eta Moralesen itzulpenak nazioarteko literaturaren obrarik garrantzitsuenetako bat ekarri dute euskarara, finezia handiz; nobelak, hitzaldiak eta hitzosteak elkar osatzen dute, Woolfen kezka estetiko, etiko eta politikoei buruzko irudi osoa eskainiz irakurleari.

Mikel Peruarena

 

dalloway_azal_osoa

“Dalloway andrea” liburuaren azala (Eider Salaberria).

 

Virginia Woolf  (1882 – 1941)

Londresen jaio zen, Adeline Virginia Stephen izenez. Idazle modernistarik gailenetako bat dugu. Gerrarteko garaian, Ingalaterran idazlerik nabarmenenetako bat izan zen, eta Bloomsburyko taldearen barruan eragile handia, hainbat idazle, intelektual eta filosoforekin batera.
Idazlan gogoangarri ugari utzi zituen, batez ere eleberriak: Dalloway andrea (1925), Farorantz (1927) edo Orlando (1929), guztiak ere esperimentaziorako jaiduran zurkaiztuak. Saiakera asko ere ondu zituen, hala nola Gela bat norberarena (1929), Three Guineas (1938) eta The Death of the Moth (1942).
Pentsamendu feministaren aitzindarietako bat izan zen Europan.

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Iruñean jaioa, 1967an. Euskal Filologia eta Gizarte eta Kultur Antropologia ikasia. Nafarroako Gobernuko itzultzailea ogi­bidez eta literatur lanen euskaratzailea gozabidez. Euskarara ekarri ditu, besteak beste, Georges Perecen Gauzak eta Philippe Claudelen Brodecken txostena eta Linh jaunaren biloba.

Ana I. Morales

Bilbon jaioa, 1969an. Euskal Filologia eta Genero Ikasketak ikasia, Deustuko Unibertsitatean eta Marylandeko Uniber­tsitatean. Itzultzailea izan da Nazio Batuetan eta gaur egun itzultzaile-interpretea da UPV/EHUn. Linguistika aplikatuko liburuak itzuli ditu eta literatur lanak ere bai; besteak beste, Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzguak eta Watsondarrak, eta Charlotte Perkins-Gilmanen Hormako paper horia. Xerezaderen Artxiboa literatur podcastaren egileetako bat da.