Alderik alde

Izenburua: Alderik alde.
Egilea: Maite Gurrutxaga.
Ezaugarriak: Ilustrazioa eta collage-a.
64 orrialde. 13,8 x 8,8 cm. Tapa gogorra. Kolorea eta txuri beltza.
Hizkuntza: Euskara
Argitalpen data: 2012ko abendua.
Lizentzia: Creative Commons
ISBN: 978-84-940489-2-0
Prezioa: 19€


Marraztea beharrezkoa dut. Ia-ia egunero, egunero ez bada. Batzuetan proiektuak izaten ditut esku artean, ipuinak, testuak… besteetan ez. Hau bezalako liburuxkak, ordea, bozeto edo zirriborro liburuak, beti izaten ditut ondoan. Asko ikasten dut haiekin, norantz joan nahi dudan, eta nola. Gauzak deskubritzen ditut, eta atzera berriz begiratzen ditudanean elkarrizketak ikusten ditut; marrazkiek elkarri hitz egiten diote, eta niri ere bai. Dagoeneko badut gisa honetako liburuxka sail bat, eta hemen ikusi duzuen hau, haien konpilazio bat da. Zuzenean, apaingarririk gabe, alderik alde.

Maite Gurrutxaga. Amezketa 2012.

Aldean eramateko iruditegia

Maite Gurrutxagaren Alderik alde-ren lehenengo berezitasuna liburuxkaren forman datza: gomaz itxitako tamaina txikiko azal gogordun kaiera beltza da irakurleari eskaintzen zaiona. Begiak zorroztea dagokio irakurleari, ordea, marrazkiek gainezka egiten baitute alde guztietatik liburuxka barruko akuarela-paperezko orrialdeetan. Hizkiak, zenbakiak eta hitz apurrak ere marrazkietan txertatzen dira, hizki eta zenbaki izateari utzi, eta marrazki bihurtzen dira. Zuri-beltza da nagusi, baina noizean behin tartekatzen diren kolore zipriztinek indarra zein berotasuna eransten diete konposizioei. Izan ere, zirriborroak, bozetoak, esperimentu piktorikoak eta, oro har, Gurrutxaga ilustratzailearen lan grafikoaren askotariko traza, estilo, eta imajinazioa preziatzeko aukera du irudiotan irakurle abilak.

Irakurketa azkar batean etxeak, zuhaitzak, animaliak eta jendea pilatzen diren irudien kaosa transmititu balezake ere, marrazkiek markatzen dute ikusmenak jarraitu beharreko ibilbidea. Alderik alde irakurri behar da Alderik alde, ez delako norabide bakarrera lerratzen eta, beraz, orrialdeen albo guztietatik begiratu beharreko liburuxka da, alde batetik beste aldera, etengabe.

Esan bezala, etxeak, zuhaitzak, animaliak eta jendearen irudiak daude. Eta jende bihurtzen diren animalienak zein animalia bilakatzen diren jendearenak. Collage teknikaren bidez, bestalde, alfabetoko letrak marrazkien osagarri dira, hostoa eta petaloak edo akuarela-zirrimarrak bezala. Nolabaiteko banaketa tematikoak ere aurki daitezke, hala nola, elurrari edo itsas azpiari dagozkionak, edota koloreen tonuak eragindakoak. Era berean, askotxo dira ikusle-irakurleak topatuko dituen bestelako ezuste, gag eta bitxikeriak: jadanik txitak diren hatz markak, golfean jolasten ari den astronauta, goitika egitean tximeletak botatzen dituen emakumea, orri arteko erdiko lerrotik sartu eta ateratzen diren irudi guztiak… Eta une jakin batetik aurrera, flipbook pasarte bat eta guzti: orriak ikaragarri azkar pasatuz gero, hasieran eskuak luzatuta eta biderkatua ikusi dugun dantzaria mugitzen hasiko da orrialdearen ertz batean, azken orrialdera arte luzatzen den ilusio optikoa sortuz. Nahinon begirada galtzeko xehetasunez beteta dago Alderik alde, berrirakurketarako aukera asko eskaintzen ditu, begiek beti aurkituko dutelako aurrez modu horretan ikusi gabeko zerbait.

Aldeak alde eta aldaketak aldaketa, aurrez Maite Gurrutxagaren blogean lagin modura erakutsitako “sketchbook” atalean  izan genuen aldean eramaten dituen marrazketa kaieratxoaren laginen berri. Oraingoan, aldiz, marrazkiok uki ditzakegu, edo orrialdeetako zuriuneetan oharrak idazteko erabili −Gurrutxagak berak iradoki bezala irudien arteko elkarrizketak asmatzeko. Edo are, marrazki gehiago egin zuriuneetan, edo jadanik eginak dauden irudiak kolorez margotu. Horretarako eta gehiagorako gogoa ematen baitu aldean eramateko Alderik alde iruditegiak.

 

Maite Gurrutxaga

Arte Ederrak ikasten hasi nintzen Bilbon, eta Bartzelonan bukatu. Bilbon ikasten ari nintzela hasi nintzen ilustrazioaren mundua deskubritzen. Horregatik, Arte Ederrak bukatu ondoren, banekien ilustrazioa zela nik egin nahi nuena, eta ilustrazioko ikasketak egin nituen Bartzelonako Escola de la Donna-n. Eta hor hasi zen dena. Ordutik, 2008 ingurutik, ez diot marrazteari utzi.

 

Alderik alde

Liburu hau, autoerretratu bat bezala da niretzat. Idatzizko egunerokoaren ordezkoa, istorio sortzailea, ikerketarako tokia, eta guztiaren gainetik, gozatzeko lekua. Arkatzik gabe, axotarekin, zuzenean marraztua, ikaste aldera.
Argitaratu den hau, hainbat bozetu libururen bilduma da,  2010 eta 2011 urteetan betetako liburuxken bilduma hain zuzen.

Beste lan batzuk:

  • Txori Txoroa, Juan Kruz Igerabide. 2011, Alberdania.
  • Bat-batean Krispetak, Karlos Linazasoro. 2011, Alberdania.
  • Maitagarria eta desioa, Mariasun Landa. 2012, Elkar.
  • Kontuari kontu ipuin bilduma, Hiru olatuak, Itziar Zubizarreta. 2012, Galtzagorri.
  • Amattoren uzta, Mayi Ariztia. 2012, Galtzagorri. Erein, Igela eta Alberdania.

www.maitegurrutxaga.blogspot.com